Zenbat Gara elkarteak Gazteola ekimena aurkeztu dute, 6 eta 19 urte bitarteko haur eta gazteen aisialdian eta hezkuntzan euskararen erabilera sustatzeko ekainetik irailera antolaturiko ekimen berria. Urte osorako egitasmoa da, baina uda honetarako jada hainbat campus, udaleku eta jarduera tailer antolatu ditu, haur eta gazteei zuzenduta. Gainera, Gabriel Aresti euskaltegiak udarako prestatu duen barnetegien eta ikastaroen eskaintza ere aurkeztu du ekitaldian.
Bilboko Kafe Antzokian egin den aurkezpen-prentsaurrekoan, Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasterio, Gazteola ekimeneko arduradun Aritz Estibez eta Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendari Isabel Isazelaia egon dira ekimenean parte hartu duten Danok Bat futbol taldeko, Bizkaiko Saskibaloi Federazioko, Bertsozale Elkarteko edo Pilotako Bizkaiko Federazioko ordezkariekin batera.
Horrela, Estibezek azaldu duen moduan, Gazteola ekimenaren helburua haur eta gazteen hezkuntzan eta aisian euskararen erabilera eta euskal kulturaren ezaguera sustatzea da, alegia, haur eta gazteentzat euskarazko aisialdi eta hezkuntza esparru berri bat sortzea Bilbo erdian bizkaitar eta euskaldunentzat.
Ekimenak aurrekariak ditu, duela bi urte, 2012an, Danok Bat taldearekin batera eginiko lehen futbol campusean, Kurkuluxetan antzerki eskolarekin antolaturiko antzerki udalekuan, eta euskara akademian. Halaber, iaz, campus eta udaleku gehiago antolatu ziren, hainbat elkarterekin lankidetzan, eta “emaitza oso onak” izan zirela azpimarratu du.
Aurten, “Gazteola” ekimenaren baitan, 6 eta 19 urte bitarteko ume eta gazteentzat hainbat ekimen antolatuko dira ekainetik irailera bitartean. Alde batetik, beste elkarte batzuekin prestaturiko campusak daude, hala nola futbol campusaren 3. edizioa zein futbol teknifikazio campus berria (Danok Bat taldearekin), saskibaloi campusa (Bizkaiko Federazioarekin), bertso campusa (Bertsozale Elkartearekin), pilota campusa (Bizkaiko Federazioarekin) eta ingeles eta jolas campusa (Eliot School akademiarekin) campusak. Horiekin batera, multikirol campusa eskainiko dute, eta rock campusa, Bilborock aretoan.
Campusez gain, “Gazteola” ekimenak udaleku eta tailer asko ere eskainiko ditu haur eta gazteentzat, eta berritasunetako bat “Dantzaz blai” dantza udalekua izango dela nabarmendu du Estibezek.
Horrekin batera, gazteentzako musika sorkuntza eta DJ tailerra, bideogintza tailerra eta argazkigintza eta maketazio tailerra eskainiko dituzte, eta umeentzako antzerki udalekuak, jolas eta kanta udalekuak eta euskara akademia ere izango dira Bilbon. Halaber, gazteek barnetegiak egiteko aukera izango dute Bakaikun (Nafarroa) eta ikastaro trinkoak Bilbon.
“Gazteola” ekimenaren baitan antolatuko diren jarduera guztiei buruzko informazioa jasotzeko eta izena emateko aukera jada martxan dagoen www.gazteola.com webgune berrian izango dela jakinarazi du Estibezek, baita www.gabrielaresti.com webgune honetan ere.
Barnetegiak eta ikastaro trinkoak helduentzat
Beste alde batetik, Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendari Isabel Isazelaiak euskaltegiak uda honetan izango duen eskaintzaren berri eman du. Horrela, aurten ere, barnetegiak antolatuko ditu Bilbon eta Bakaikun, eta ikastaro trinkoak uda euskara ikasi eta maila jasotzeko aprobetxatu nahi dutenentzat.
Gainera, euskaltegiko zuzendariak nabarmendu du aukera berriak eskainiko dituztela Bilbon zein Bakaikun, hala nola asteburuetako barnetegiak ekainetik irailera bitartean, lehen aldiz asteburuetan euskara ikasteko aukera emango dutenak, eta “Kultura eta Natura” barnetegiak, eskolarik gabekoak baina ikasi eta gozatzeko jardueren programazio zabala dutenak. Informazio guztia, www.gabrielaresti.com/ikastaroak-en.
Bertoko produktuei garrantzia
Campusetan elikadurari emango zaion garrantzia azpimarratu du azkenik Xabier Monasteriok: “Gure balioak elkarlana, ingurunearekiko begirunea eta herri baten partaide izatea dira”, adierazi du. Hortik sortu da udako campus eta barnetegietan gure sektorea babesteko ideia, menuetan zein alderdi didaktikoan. “Hazi erakundearekin batera harremanetan gaude eta gure jatordu guztietan oso kontuan eta neurri handian emango ditugu gure bertoko produktuak, gure kulturaren zati garrantzitsua diren heinean”.
Jateaz gain, udaleku eta ikastaro horien edukietara ere eramango da interes hori eta tailerrak egingo dira elikaduraren inguruan, bertako produkuen garrantziaz jabetzeko. Monasteriok gehitu duenez, “Horrelako ekimen bat egingo den lehen aldia izango da. Kostu handia izango du baina uste dugu merezi duen ahalegina izango dela”.