Gazteola ez da hezkuntzarako eta aisialdirako ekimen soil bat. Gazteola Gabriel Aresti euskaltegian jaiotako proiektua da eta berau Zenbat Gara elkartearen parte da. Zenbat Gara elkartea Gabriel Aresti euskaltegitik sortu zen eta gaur egun kultura elkarte honek dituen baliabide guztiak erabiltzeko aukera dute gure ikasleek. Zerbitzu hauek guztiak euskaratik eta euskaraz egiteko sortu dira. Haietan murgilduz, ikasleek beren ikaste prozesua naturaltasunez azkartzen dute, espazio horietan euskaldun jendearekin harreman zuzenetan egoteko aukera dutelako.

kafe_antzokia

Kafe Antzokia

Kontzertuak, jaiak, antzerkia, liburu eta disko aurkezpenak, euskaraz mintzatu, bazkaldu, dantzatu… Gauza asko egin daitezke euskaraz Kafe Antzokian. Urtero-urtero ehunka kultura-ekitaldi burutzen dituen espazioa da, euskaraz zein mundu zabaleko beste hizkuntza askotan. Berton, lehentasuna dute gure ikasleek, Euskal Herriko musikari, dantzari, idazle eta artistak ezagutzeko aurrez aurre. Izan ere, hizkuntza, ezaugarri linguistikoez gain, bertako izaera ezagutzea ere bada. Bilboko Kafe Antzokia benetako kulturgune bizia da.

bakaikubarnetegia

Bakaikuko etxea

Nafarroako Sakana haranean, naturaz inguratuta daukagu Bakaikuko etxea. Bertan antolatzen dugu Bakaikuko barnetegia, gure ikasleei, eskolak emateaz gain, eguneko 24 orduak euskaraz bizitzeko aukera emanez. Bertan ikasketa azkartu egiten dute, era naturalean eta ondo pasatuz egiten delako. Udan eta Aste Santuan barnetegiak antolatzen ditugu, baita urtean zehar ere, asteburuko edo astebeteko egonaldi laburragoetan. Horrela, Gazteolak, Gabriel Aresti euskaltegiarekin elkarlanean, 16 urtetik gorako gazteentzako barnetegi bereziak antolatzen ditu. Horrez gain, familientzako euskarazko egonaldiak ere antolatzen dira Bakaikuko etxean.

Algara konpartsa

Bilboko Aste Nagusian aski ezaguna da Algara konpartsa. Urte osoan hainbat hitzordutan esku hartzen du Algarak Bilboko beste konpartsekin batera: Santomasak, Santa Ageda, inauteriak, Konpartsen Eguna… Erabat euskaraz eta lagun arteko giroan. Programazio propioa du eta bertan parte hartzen dute ikasle, ikasle ohi, lagun, eta azken batean, nahi duen euskaldun orok.

zaparrada

Zaparrada konpartsa

Eta Algararen eta Kurkuluxetan Elkartearen eskutik sortu zen Zaparrada konpartsa: jaiak guztionak direnez, haurrei espazio eta protagonismo berezia emateko asmoz sortu zen Zaparrada. Aste Nagusian zein urteko beste une garrantzitsuetarako (Gabonak, udaberria,…), programazio berezia sortzen du: antzerkia, kalejirak, tailerrak, jai mundialak, … Bertan umeek eta gurasoek ederto pasatzen dute, beti euskaraz.

bilbo hiria irratia

Bilbo Hiria irratia

Egunero-egunero FMtik Bilbo alderako eta Interneti esker mundu osorako euskara hutsez emititzen duen irratia da Bilbo Hiria. Informazioa, kultura, musika, umeentzako saioak… Bilbo Hiria irratiko programazioan denetariko edukiak topa ditzakegu, FMko 96.0n zein www.bilbohiria.eus webgunean.

kurkuluxetan

Kurkuluxetan

Urrian hasi eta maiatzera bitartean, Kurkuluxetan elkarteak antzerki eta musikarekin lotutako hainbat ekintza antolatzen ditu: dramatizazio eskolak hainbat ikastetxetan; antzerki ikuskizunak; gitarra eskolak; musika eta antzerki topaketak… Halaber, Gazteolak oporraldietan antolatzen dituen udaleku, tailer eta campusetan ere parte hartzen du.

zenbat gara elkartea

Zenbat Gara elkartea

Ekimen hauek guztiak oinarri eta helburu berak dituzte, Zenbat Gara kultura elkarteak guztiak sustatzen eta ezaugarritzen dituenez gero. Zenbat Gararen helburua euskara bultzatzea da motibazioa, ezagutza eta erabilera bultzatuz. Hiru arlootan eraginez, hirurak era berean zainduz, egingo du aurrera gure hizkuntzaren hiztun kopuruak eta hiztunen erabilerak:

Motibazioa

Euskara erakargarri eginez, ume eta gazteei aisialdia euskaraz gozatzeko aukerak emanez, Bilbo erdian.

Ezaguera

Ez dakienari irakatsiz, inmertsio dinamikoaren bidez ikaspen prozesua azkartuz.

Erabilera

Ikasgelez gain, euskaraz egiteko uneak eta guneak sortuz, ondo pasatuz, euskara esperientzia aberasgarriekin lotuz.