Umeen denbora librean, hau da, eskola osteko tarteetan zein oporretan, euskara eta euskal kultura oinarri duten kolonia eta jarduerak antolatzen ditugu. Ume eta gazteen garapen emozionalean lanean dihardugun bitartean, inguruarekiko errespetua, talde lana, elkarrekiko begirunea eta nork bere buruarekiko konfiantza bezalako baloreak transmititzen saiatzen gara. Sei urtetik 15 urtera arteko haur eta gazteentzako eskaintza zabala daukagu eskuragarri.

Zenbat Gara elkartearen ekimena

“Gazteola” Zenbat Gara elkartearen ekimena da, eta haur eta gazteen hezkuntzan eta aisian euskararen erabilera eta euskal kulturaren ezaguera sustatzea du helburu modu ludiko bezain profesionalean.

Euskara-hizkuntza ardatz

Zenbat Gara elkartearen babesean mamitutako eta gauzatutako proiektua izanik, euskararen baitako murgiltze-eredu betea proposatzen dugu: euskaratik eta euskaraz. Euskara-hizkuntza ardatz eta mugarri duen hezkuntza- eta aisialdi-sistema propioa eskaintzen dugu, hori baita gure bereizgarri eta lan egiteko ildo irmoa.

Lantalde prestua

Jardun honetan lanean diren irakasleek eta monitoreek eskarmentu handia dute hezkuntzan zein eskolaz kanpoko ekintzen kudeaketan, eta umeekiko nahiz gazteekiko tratu hurbilean oinarritzen da gure lan-esperientzia. Halaber, Zenbat Gara elkartearen baitan garrantzi handia du irakasleen zein monitoreen etengabeko birziklatzeak eta trebakuntzak, horretan oinarritzen baita hezkuntza-zerbitzu moderno, eraginkor eta aurrerakoia gauzatzeko gakoa.